ADEL
ArteDrama Euskal Laborategia (ADEL), arte eszenikoetan euskaraz aritzen garenon topagunea da; aktore, zuzendari, antzerkigile zein antzerkizaleentzat urtero zabaltzen den gunea.
Euskal Herriko arte eszenikoetan murgilduta gaudenon arteko eztabaidak, jakintza eta elkartrukeak sustatzeko asmoarekin, astelehenetik larunbatera, 48 orduz guztira,
6 irakasleren tailerrak prestatu ditugu. Ikastaro guztiak euskaraz izango dira, eta matrikula 500 €koa (lotarako lekua eta otorduak barne).
Laborategi gisa jaiotako esperientzia honetara gonbidatuta zaude!
HEMEN informazio gehiago

Maryse Urruty
Aktorea, gidoilaria eta taula zuzendaria da. Zientzia politikoak ikasi ondoren, antzerki fisikoa eta kantu lirikoan trebatzen da. Ordutik, antzerkian ari da gehienetan, konpainia desberdinekin (Atx Teatroa, Hika Teatroa, besteak beste) edo berean, Itzuli konpainian. Honekin, hainbat ikusgarri sortu ditu, publiko guzientzat haurtzarotik goiti, Oihana (2022), Metalaren Ahoa (2024), Adriene Bergson-Johnson (2025).
ALTER EGOA
Nor naiz eszenatokira igaiten naizenean? Kalean ikusten dezakezun hura? Intimitatean ezagutu dezakezuna? Edo beste ni bat?
Esplorazio honen bidez, pertsona, aktorea eta pertsonaiaren arteko desberdintasunak bilatuko ditugu, gure buruekin jolasteko.

Idoia Tapia
Iruindarra sortzez, Donostiko TAEn eta Bilboko Dantzertin egin ditut antzerki ikasketak. Abeslari moduan aritu naiz han eta hemen, batez ere Skabidean taldearekin. Egun, Axut! eta Artedramaren Nor Naizen Baneki antzezlanarekin eta nire lehen pieza eszenikoa den Alter Nation-ekin nabil biran. Deskubrimenduak egitearen sentsazioa eta publikoarekiko harremana maite ditudalako sortzen dut.
AHOTSA MOTORE
Esplorazio gune txiki honetan ahotsa ipiniko dugu erdigunean. Ahotsa tresna bitxia da, norberarena, besterenezina. Ze aukera ematen dizkit nire ahotsak sormena aktibatzeko? Ze aukera ematen didate besteen ahotsek? Zer du ahotsak kontatzeko? Ahotsaren plastizidadea eta aldakortasuna arakatu eta sorkuntzarako motore gisa erabiliko dugu. Birtuosismotik at (edo ez), bihozkadatik, gozamenetik eta jolasetik.

FORMOL LABORATEGIA
Formol Laborategia 2019an eratu genuen euskal eszena garaikidean aritzeko asmoz. Ordutik, ikerketa eszenikoan murgildurik eta poetika berriak arakatuaz 2020an Maketa pieza laburra eta 2021an Album antzezlana estreinatu genituen. 2023an bira amaiera ospatzeko Nire Bizitzarekin Ez Dakit Zer Egin (NBEDZ fest) jaialdia gauzatu genuen. Eta orain, Susa Argitaletxearekin lankidetzan, 2025ean estreinatu genuen Heriotzak Eduardo du izena poesia ez-errezitaldiarekin biran jarraitzen dugu. Laborategi moduan lan eginez, sorkuntza kolektiboa dugu oinarri. Antzerki posdramatikoaren esparruan dihardugu, kode performatiboak landuz, ikus-entzunezkoen eta zuzeneko gertakariaren ideia esploratuz eta narratiba klasikoetatik haratago ibiliaz, besteak beste.
IRUDI ETA DISPOSITIBO ESZENIKOEN ERAIKUNTZA
Testuingurua eta akontezimenduaren ideiatik abiatuz espazio eszenikoaren esperimentazioan murgilduko gara. Nola jarri harremanetan espazioarekin berau eszenara ekartzeko? Kanpo/barru kontzeptuarekin jolastuko gara eta jolas honetatik abiatuta eszena dispositiboren eraikuntza hartuko dugu sorkuntzarako tresna bezala, aldiro publikoarekin ezartzen den harremanean hausnartuaz. Heriotzak Eduardo du izena ez-errezitaldian egin bezala, poemak bilakatuko dira dispositibo eszenikoaren helduleku eta irudi eszenikoen eraikuntzan trebatzeko aitzakia.
Formol Laborategian egin ohi dugun bezala, sorkuntza kolektiboa oinarri, kode performatiboa landuko dugu, zuzeneko gertakariaren ideia esploratuz eta narratiba klasikoetatik haratago ibiltzeko lizentzia hartuko dugu.

Nagore Tamayo
Nagorek dantza ikasketak Dantzerti – Euskadiko Arte dramatiko eta Dantzako Goi-mailako Eskolan, dantza arloan (koreografia eta interpretazioan espezializatua) eta La Faktoria Choreographic Centerren burutzen ditu. Egun sortzaile eta interprete lanetan dabil bere bakarkako lanean, Nolako Zura. Hileta bat inozentziari (2025) eta Nabiga Kolektiboaren Nondik Abiatu Inora (2024) ikuskizunean. Era berean, artista ezberdinekin lan egiteko aukera izan du interprete gisa: Laida Aldazen In Perspective, Carmen Larrazen Luz Negra (La Faktoriako sorkuntza), eta Ella Meeusenen On Becoming Memory – How to piezetan; baita María Corredó-ren Lastomato bideodantzan ere.
GORPUTZA ADI, ERA ETA BIDE
Tailer honetan, dantzaren bitartez, partaide bakoitza norbere gorputzarekiko kontziente eta aukeren jabe izatea bilatuko dugu. Denon artean elkarrizketan jardungo dugu, hitza ez eta gorputza bide. Jolas eta dinamika fisiko
ezberdinen bitartez, elkarren arteko dantzan murgilduko gara: ekintzak, sentsazioak, gertaerak, irudiak, etab. erramintatzat, gorputza adierazbide bilakatzea helburu.

Ximun Fuchs
Antzerki mugalaria. Herrigintza helburu.
Aktore, zuzendari edo musikaria. Gure herrian.
Gidari, teknikari, ekoizle, banatzaile, zinegile edo irrati kronikalaria. Gure hizkuntzan.
Hutsean eta bete-betean. Gure ametsetan.
Bizitzeko. Eragiteko. Ekiteko.
Bordeleko unibertsitatean antzerkia ikasi nuenetik, hogeita hamar urte eman ditut sorkuntzan.
Oraintxe herriz herri dabilen “Nor Naizen Baneki” piezaren idazle eta zuzendaria, eta horren aurretik egon ziren beste hainbatena: “Lurrez Estali”, “Hondamendia”, “Amua”, “Zaldi Urdina”, “Zazpi Senideko”, “Francoren Bilobari Gutuna”, “Hamlet”, “Errautsak”…
Axut! Kolektiboko kidea. Beti elkarlanean.
BIZIA BERA OHOLTZAN
Antzerkiak biziraungo du? Bai… merkatuak irensten ez badu.
Bizitza bera astintzeko prest dagoen aktorea beharko da, munduaren konplexutasuna aurpegian eta dantza mugimenduetan haragituko duena, adierazteko gai izango dena. Gatazkak, emozioak eta erronkak argitara ekarriko dituen antzerkilaria. Zenbat eta gehiago hurbildu egiatasun ikusezin horretara, orduan eta erradikalago, berritzaileago eta ustekabekoago bihurtuko da bere ekina.
Oholtzan, jolasa da errealitatea azaleratzeko tresna indartsuena; haurtasunaren poza, beldurra eta pena uztartzen dituena. Aktorearen motorra da, haurtasunaren egiaz eta absolutuaz elikatzen dena une oro. Forma guztietan saiatuko gara su horretara hurbiltzen, irudimenaren lurralde zabala astinduz.
Azkenean, bizia bera irudikatuko dugu oholtzan, egiazkoaren edo antzekoaren lekuko, gure eguneroko bizitzaren kaosa hobeki ulertzeko gisan.

Ander Lipus
Markina-Xemein (1971). Madrilgo William Layton Antzerki Laborategian egin zituen lehen ikasketak. Bilbora itzulita, beste artista batzuekin batera Mina Espazioa eta Antzerkiola Imaginarioa sortu zituen. Antzerki antropologian aditua, zenbait ikastaro eta antzerki eskoletan irakasle izan da. 2007an ArteDrama arte eszenikoen plataforma sortu zuen, eta 2012an, proiektu pertsonalak bideratzeko, Huts Teatroa konpainia. Egun, maite duen antzerkia egiten jarraitzen du, zuzendari zein aktore lanetan.
BASA
Zeintzuk dira kokoxak?
Dibertimedura hurbilketa bat.
Antzerkia eta erritoa.
Herria eta komunitatea.
Aktorea eta krudelkeria.
Egin jokoa, egin jolasa; izan punki, izan basa.
